Henry David Thoreau
Henry David Thoreau (Concord, Massachusetts, 1817ko uztailaren 12a - 1862ko maiatzaren 6a) estatubatuar filosofo, idazle eta naturalista izan zen. Batez ere, bi liburuk egin dute ezagun: Walden, inguru naturalean xumeki bizitzeko hausnarketa, eta Civil Disobedience, estatu bidegabe baten aurrean desobedientziara jotzeko argudioak jasotzen dituen saiakera.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizitzan zehar hainbat lanbide izan zituen: arkatz ekoizle (aitaren negozioa), irakasle, "ekaitz ikuskatzaile" —lanbide horren berri Walden liburuan ematen du— jardun zen, baina egindako jarduera guztien artean, idazlearena gailentzen da.
Herman Melvilleren edo Mark Twainen garaikidea, iparramerikar literaturaren sortzailetarikoa dugu haiekin batera. Saioa eta olerkigintza landu zituen bereziki. Saioetan, haren pentsamendua azaltzen du, gizarteaz eta giza harremanei buruz duen ikuspuntua. Gaur egun nabarmen agertzen zaizkigun industria-gizartearen gabeziak aurreikusi zituen XIX. mendearen erdialdean. Nahiz eta industria-bilakaeraren eta -garapenaren garaian hazi, Thoreauk, garaikide askok ez bezala, ez zuen teknologiarekiko lilura edo federik izan.
Izadiarekin bat egiten duen bizimodu apal xumea aldarrikatzen zuen eta ideia horiek, goraipatu ez ezik, praktikara eraman zituen.
Walden
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izan ere, 1845eko uztailaren 4tik 1847ko irailaren 6ra bitartean, bi urte igaro zituen Walden basoan, berak eskuz eraikitako etxola batean. Bi urte horietako bizipen, arazo eta pasadizoen berri 1854. urtean argitaratu zen Walden, the life in the woods liburuan, zeina bere lan ezagunena den. Gizabanakoen beharrizanak eta horiek asetzeko egin beharreko lana aztertu zituen bertan, besteak beste.
Waldenen, lehendabizi, gizarteari kritika zorrotza egiten du. Haren ustez, behar baino erosotasun gehiagoz hornitzen saiatzen dira gizakiak, eta jarrera horrek hainbat betebeharretara daramatza. Bide horrek alferrikako lana besterik ez du ematen, eta bizitzaren funtsezko mamitik urruntzen gaitu. Bidegabekeria honetatik ateratzeko, Thoreauk naturarekiko elkartasunean eta bakartasunean oinarrituriko norbanakoaren askatasuna aldarrikatzen du. Ondoren, gizarteari nahiz ekonomiari buruzko iritziak alde batera utzita, basoko eguneroko bizitza azaltzeari ekiten dio. Atal honetan, izadiaren eta haren boterearen eta edertasunaren lilura dario hainbat orrialderi.
Walden basoan bizi zela, gobernuaren funtzionario batekin talka egin zuen, zergak ordaintzeari uko egin zionean. Izan ere, Thoreau ez zegoen prest Mexikoko Gerrari laguntzeko, ezta esklabotza onartzen zuen gobernu bati laguntzeko ere. Hika-mika horren ondorioz, kartzelatu egin zuten. Hurrengo egunean askatu zuten, lagun batek fidantza ordaindu ostean.
Desobedientzia zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Thoreauren pentsaera politikoa Resistance to civil Government liburuan islatzen da ongien. Bertan, gobernuak duen betebeharra eta gizakion bizitzan duen eragina aztertzen du. Kaltegarri deritzo gobernuak gizabanakoen jardueretan esku hartzeari. Haren ustez, gobernu batek zenbat eta gutxiago agindu, hobea izango da. Gobernurik hoberena inolako aginterik ez duena dela ere idatzi zuen. Adierazpen horiengatik, zenbaitek anarkistatzat hartu izan dute, baina, nahiz eta estatuari zein gobernuari muzin egin, Thoreauk ez du haien desagerpena aldarrikatzen. Haren esanetan: "Ez dut gobernuaren desagerpena eskatzen, gobernu hobe bat baizik". Thoreauren ustez, estatu baten aginteak ez du sekula biztanleriaren nahia gainditu behar, eta gainditzen badu, orduan biztanleriak ez du zertan jarraitu bidegabetzat dauzkan legeak.
Thoreauren pentsaera Gandhiren edota Martin Luther Kingen ideien iturritzat jo izan dute.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Service (1840)
- A Walk to Wachusett (1842)
- Paradise (to be) Regained (1843)
- The Landlord (1843) [3]
- Sir Walter Raleigh (1844)
- Herald of Freedom (1844)
- Wendell Phillips Before the Concord Lyceum (1845)
- Reform and the Reformers (1846-8)
- Thomas Carlyle and His Works (1847)
- A Week on the Concord and Merrimack Rivers (1849) [4]
- Civil Disobedience (1849). Euskarazko bertsioa: Desobedientzia Zibila (Potxo, 2010)
- An Excursion to Canada (1853) [5]
- Slavery in Massachusetts (1854)
- Walden (1854)
- A Plea for Captain John Brown (1859)
- Remarks After the Hanging of John Brown (1859)
- The Last Days of John Brown (1860)
- Walking (1861) [6][7]
- Autumnal Tints (1862) [8]
- Wild Apples: The History of the Apple Tree (1862) [9][10]
- Excursions (1863)
- Life Without Principle (1863)
- Night and Moonlight (1863) [11]
- The Highland Light (1864) [12]
- The Maine Woods (1864) [13]
- Cape Cod (1865) [14]
- Letters to Various Persons (1865)
- A Yankee in Canada, with Anti-Slavery and Reform Papers (1866)
- Early Spring in Massachusetts (1881)
- Summer (1884)
- Winter (1888)
- Autumn (1892)
- Misellanies (1894)
- Familiar Letters of Henry David Thoreau (1894)
- Poems of Nature (1895)
- Some Unpublished Letters of Henry D. and Sophia E. Thoreau (1898)
- The First and Last Journeys of Thoreau (1905)
- Journal of Henry David Thoreau (1906)[15]
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Henry David Thoreau |
- 1817ko jaiotzak
- 1862ko heriotzak
- Ameriketako Estatu Batuetako idazleak
- Ingelesezko idazleak
- Indarkeria-eza
- Ameriketako Estatu Batuetako saiakeragileak
- Ameriketako Estatu Batuetako anarkistak
- Desobedientzia zibila
- Ameriketako Estatu Batuetako abolizionistak
- Ameriketako Estatu Batuetako filosofoak
- Ameriketako Estatu Batuetako poetak
- Ameriketako Estatu Batuetako ekologistak
- Naturalistak
- Tuberkulosiak hildakoak
- Utopiazaleak
- Harvard Unibertsitateko ikasleak
- Filosofo sozialak
- Gogamenaren filosofoak
- Zientziaren filosofoak
- Maitasunaren filosofoak