Hanyu pinyin
Hemengo testu batzuk txineraz daude. Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera ikurrak ikusiko dituzu txinera ikurren ordez. |
Hanyu pinyina (txinera sinplifikatuaz, 汉语拼音; txinera tradizionalaz, 漢語拼音, hanyu pinyin, hànyǔ pīnyīn, berez "Han hizkuntzaren notazio fonetikoa", askotan pinyin soilik) erromatartze sistema bat da, mandarin txinera latin letretara (erromatar alfabetora) aldatzeko modu bat.
Sistema 1958an baietsi zen eta 1979an ofizialtzat hartu Txinako Herri Errepublikan. Aurreko erromatartze sistemak ordeztu zituen, hala nola, Wade-Giles (1859) eta Posta Sistemako pinyina. Harrezkeroztik, Singapurreko gobernuak eta nazioarteko erakundeek mandarin txineraren transkripzio sistematzat hartu dute.
Adibidez, beste barne aldaketa batzuez gain, sistema berriak Txinako Herri Errepublikako hiriburuaren izena idazteko modu ofiziala aldatu du: Pekin (Peking) > Beijing nahiz Běijīng (北京). Sistemaren aldaketak hasierako terminoa bakarrik aldatu du: pe > běi (北 = iparraldea); bigarren zatiaren aldaketa bilakaera fonetikoa da soilik, antzinako mandarinetik gaurkora (京, king ala jīng, "hiriburua").
Doinuak bokalen gainean jarritako zeinu batzuen bidez irudikatzen dira:
- lehena (laua), makroiaren bidez: mā
- bigarrena (goranzkoa), tilde zorrotzaren bidez: má
- hirugarrena (hasieran, pixka bat beheranzkoa eta segidan, goranzkoa), háček baten bidez: mǎ
- laugarrena (beheranzkoa eta laburra), tilde kamutsaren bidez: mà, eta
- bosgarrena (neutroa), tilderik gabe: ma.