Agintera - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Agintera

Wikipedia, Entziklopedia askea


Inperatiboa modu gramatikoa da, aditzen bidez agindu bat, debeku bat, aholku bat edo eskaera bat adierazten duena. Oso zabalduta dago hizkuntzen artean. Idazterakoan inperatiboa duten esaldiak harridura ikurra («!») dute amaieran sarritan.

Euskaraz era bat baino gehiago daude inperatiboa adierazteko, adibidez, «ekarri» — «bekar, bekartza» edo «etorri» — «zatoz, etor zaitez».

Aginduak emateko ere balio dute perpausek, eta funtzio hori dutenei aginte-perpaus deritze.

  • Zatoz hona, mesedez!
  • Joan zaitez pikutara!
  • Ekar iezadazu mahai gaineko ogi-zati hori!
  • Isildu denok, otoi!

Egia da aginduak eman daitezkeela aginte-perpausa erabili gabe ere. Askotan, begirada zorrotz bat aski izan daiteke. Galdera bat ere, sarritan, agindu bat izan daiteke:

  • Isilduko zarete?

Benetako agindua hiztunak solaskideari egiten diona da. Hots: bigarren pertsona bati zuzentzen zaio. Beraz, aginte-perpausak aginterazko adizkiez baliatzen direnez, agintera, bereziki, bigarren pertsona jokoan sartzen duena izan ohi da. Hots: NOR edo NOR-NORI motako aditza bada, NOR 2. pertsonakoa izango da (zu, zuek, edo hi). Eta NORK-duna bada aditza, NORK horrek izan beharko du 2. pertsonakoa. Alegia, subjektuak bigarren pertsonakoa behar du izan. Hortik aparte, 2. pertsonarik ez badago, ez da, berez, benetako agintera izango. Alegia, agindua baino gehiago, erregua edo desira izan liteke. Era horretakoak dira, esaterako, honako hauek:

  • Goazen hemendik!
  • Kanta dezagun kantu alai bat!
  • Isil nadin, astakeria bat esan baino lehen.
  • Betor hurrengoa, mesedez!
  • Egin bezate nahi dutena.
  • Doazela antzarrak ferratzera.
  • Esan dezala egiazki zer pentsatzen duen.

Nola osatzen dira aginte-perpausetako adizkiak? Goian emandako adibideak begien aurrean harturik, ongi berezi behar da egiazko agintera (2. pertsona tartean duena) gainerakoetatik. Ondoko laukietan 2. pertsonako agintera (hots: egiazko agintera) eta 3. pertsonakoa ere –forma berezia hartzen duen heinean– jasotzen da.

Munduko hizkuntzetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat hizkuntzetako aditzak ez dira aldatzen inperatiboan — ingelesez, adibidez: give «eman» — Give me! «Emaidazu!», sarritan let «utzi (zerbait egiten») hitza gehitzen da: talk «hitz egin» — Let me talk! «Utzi hitz egiten!»; edo samoeran: siva «dantzatu» — Siva! «Dantzatu!».

Hizkuntza batzuetan nahiko zaila da inperatiboa osatzea eta arau asko daude, hala nola, eslaviar hizkuntzetan: powiedzieć «esan» — Powiedz mi «esaidazu», rosnąć «hazi (aditza)» — Rośnij! «Hazi!», jeść «jan» — Jedz! «Jan!» (poloniera); finlandiera edo bepsaeran (uraldar hizkuntzen kideak): hizkuntza horietako inperatiboa aditzaren erroaren arabera osatzen da eta erroak ez dira ageriak sarritan, beraz, ikasi behar dira.

Latinak arau bakunak ditu inperatiboa osatzeko, -re atzizkia kentzea edo -te atzikia gehitzea behar dira horretarako: monēre «aholku bat eman» — Monē «Emaidazu aholku bat», Monēte «Emaidazue aholku bat»; salbuespenak: dicere «hitz egin» — dic, ducere «bideratu, gidatu» — duc, facere «egin» — fac.

Koreerak hainbat estilo maila («hizketaren estiloak», hau da, begirunea adierazteko edo lagunartean erabiltzeko) ditu eta horien arabera aditz bat aldatzen da inperatiboan.

Agintera euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adizki trinkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginterazko NORK-dun adizkiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Era honetako adizkiak ez dira NOR-(NORI) sailekoak bezain erabiliak. NOR-(NORI)-NORK sailekoetan ere, adibidez, NOR3. pertsonakoa denean bakarrik osatzen dira adizki trinkoak aginteran. Oso nabarmena da, hortaz, adizki perifrastikoak erabiltzeko joera: ekark esan beharrean, ekar ezak, adibidez. Gainera, maiz, trinko-itxura izan arren, ez dago argi benetan adizki trinkoa ala adizki perifrastikoa den, kontrakzio bidez aski «trinkotua» agertzen denean, alegia. Dena den, eskema orokorra agertzen da laukietan, adizki guztientzat balio duena. Bost aditz hauek jaso dira: EKARRI, ERAMAN, ERABILI, EGIN eta JAKIN, haiek baitira ezagunenak.

Oharrak: 1) ...i + i...> ...i... (egiok, ekarzkiok,...)

2) ...kiT + TE > ...kiDAte; ...kiK + TE > ...kiAte; ...kiN + TE > ...kiNAte

3) EGIN aditzaren kasuan, nori-ren aurreko -ki- hori ez da ageri: begit eta ez *begikit.

Lauki horietatik ateratzen diren adizki trinkoak tankera honetakoak dira: EKARZU, EGIZU, EKARRIOZU, etab. Nolanahi ere, haien ordez forma perifrastikoak erabil daitezke: EKAR EZAZU, EGIN EZAZU, EKAR IEZAIOZU, etab. Gainera, forma perifrastiko horiek, maiz, erabat laburtuak erabili ohi dira. Hain zuzen, EKARRIOZU trinkotzat hartuta ere, haren parean «EROSIOZU» eta antzekoak erabiltzen dira. Hori EKARRIOZU-ren parekoa izan arren, nekez hartuko da forma trinkotzat. Egokiago dirudi EROS IEZAIOZU-ren laburduratzat hartzea.

Agintera eta ezeztapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohar garrantzizko bat egin behar da aginterazko adizki trinkoei buruz. Izan ere, ezeztapena eta agintera biak batera gerta daitezke, galdera eta ezeztapena batera gerta daitezkeen bezala. Baina adizki trinkoekin ezin da ezeztapenik egin. Horrenbestez, txarrak dira honako hauek:

  • *Ez zatoz hona!
  • *Ez hoa ikastolara hain goiz!

Ezeztapena aurrera joango bada, adizkera aldatu beharra dago: edo adizki perifrastikora jo, honako adibide hauetan bezala:

  • Ez zaitez hona etor!
  • Ez hadi joan ikastolara hain goiz!

Edo laguntzailerik gabeko adizkiaz baliatu. Hau da, hain zuzen, hizkera arruntean maizenik gertatzen dena:

  • Ez etorri hona!
  • Ez joan ikastolara hain goiz!

Adizki perifrastikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ergatiboa eskatzen duten aditzetan, badirudi aditz trinkoaren ordez perifrastikoa erabiltzeko joera areagotu egiten dela. Eta hori ez da ezezkako aginteran bakarrik gertatzen. Orokorragoa da. Hala, honako bi perpaus hauek baliokideak badira ere, perifrastikoa izango da erabiliena:

  • Eramak autoa garajera!
  • Eraman ezak autoa garajera!

Adizki perifrastikoak aditzoinari laguntzaile egokia erantsiz lortzen dira. Hots:

agintezko adizki perifrastikoa = aditzoina + agintezko adizki laguntzailea

Nondik sortzen dira adizki laguntzaile horiek? *EDIN eta *EZAN aditzaren orainaldia bera da, baina subjektua bigarren edo hirugarren pertsonakoa dutenak. Bestalde, adizki horren hasierako D- desagertu egiten da ergatibodun adizkietan:

-dezazu- ezazu
-dezak- / -dezan- ezak / ezan
-diezaiozue- iezaziozue

Subjektua 3. pertsonakoa denean, adizkiaren hasierako D- horren ordez B- agertuko da. Hots:

-dadi- bedi
-daitez- bitez
-deza- beza
-dezate- bezate

Gainerako adizkiak ohikoak dira. Eskemetan ageri diren marratxoak kentzea aski da aginterazko laguntzaile egokia lortzeko:

-zaitez- zaitez
-zaitezte- zaitezte

Adizki zuzenak lortzeko, egindako ohar hauek aski badira ere, hona hemen koadro batean bildurik aginterazko adizki laguntzaileak:

Subjuntiboa erabiliz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainerako kasuetan, hots, egiazko agintera ez direnetan, subjuntibozko adizkiak baliatzen dira, -ELA edo -EN atzizkiaz horniturik. Badirudi, gainera, subjektua lehen pertsonakoa denean, -EN atzizkia hautatzen dela gehienetan, eta hirugarren pertsonan, ostera, -ELA:

  • Egin dezagun bidea elkarrekin. (egin dezagula bidea elkarrekin ere esan daiteke da, baina horrek desio bat adierazten du).
  • Nagoen isilik.
  • Gatozen harira.
  • Mintza gaitezen argiro.
  • Jan dezala berak arrain ustel hori.
  • Ez daitezela hurbil ertzera.
  • Egin dezala bakoitzak nahi duena.

Jakina, -ELA atzizkia bigarren pertsonakoek ere onartzen dute, batez ere ezezko perpausetan:

  • Ez dezazula horrelakorik sekula eros.
  • Ez zaitezela horretaz gehiegi fida.

Dena den, ez zaitez fida eta ez zaitezela fida adiera desberdineko perpausak direla ematen du: lehenbizikoa benetako agindutzat har daiteke; bigarrenak, berriz, erregu- edo agian aholku-kutsua du. Batzuetan, mehatxu-kutsua ere bai, dirudienez. Lehen pertsonan ere horren antzeko zerbait gertatzen da:

  • Ez gaitezela bidean gal.

Adizki horien paradigma lortzeko, aski da subjuntibo delakora joatea: *EZAN eta *EDIN-en orainaldiko formei -EN edo -ELA eranstea aski da aginterazko adizkiak osatzeko: esan diezaiogun; ez gaitezela gehiegi hurbil, etab.

Hirugarren pertsonako agintera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badira beste adizki batzuk, aginterakotzat hartu ohi direnak 3. pertsonako subjektua duten arren.

  • Bakoitzak aukera beza bere gustukoa.(= bakoitzak aukera dezala bere gustukoa)
  • Egin bedi zure nahia. (= egin dadila zure nahia)
  • Hala biz. (= hala izan dadila)

Adizki horien ezaugarri nagusia hasierako B- morfema da. Elementu hori adizki trinkoetan nahiz adizki trinkoen laguntzaileetan aurkitzen da: betor, bego, beude, alde batetik; eta etor bedi, etor bitez, egin bezate, ekar beza…, bestetik). Adizki horiek [subjuntiboa + -ela] erakoen baliokide direla ematen du, nahiz eta -ela-dunak erregu-kutsu handiagoa duela dirudien. Adi beza gisako aginte-adizkiak benetako agintera izango dira errespetuzko solasean jendea «berorika» ari denean:

  • Adi beza, jauna, nik esaten diodana.
  • Hitz egin beza berorrek lehenbizi.

Erabilera horretan, halako adizkiak benetako aginterakoak dira, eta, horrenbestez, ezin dira adi dezala edo hitz egin dezala moduko adizkiez ordezkatu. Horrek esan nahi du egiazki adiera desberdina dutela.

Laguntzailerik gabeko agintera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da euskaldunak bere eguneroko jardunean erabiltzen duen agintera nagusia:

  • Etorri hona, mesedez!
  • Pasa ogia!
  • Konta dakizun guztia! Bestela, igarriko diozu.

etab. Ezezkakoetan ere gauza bera:

  • Ez esan inuzentekeriarik!
  • Ez ibili txakurrarekin!
  • Ez pentsa arazoak kezkarazten ez nauenik.

etab. Haietan, bada diferentzia bat euskalkien artean: mendebaldean aditz-partizipioa erabiltzeko joera dago: etorri, ekarri, erosi, lagundu, hustu,… Ekialdeko joera, berriz, aditzoina erabiltzekoa da: ekar, eros, lagun, huts, ahantz,… Nolanahi ere, bi formen arteko diferentzia hori bestelako adizkietan ere nabaria da, ahaleran adibidez: zapal-DU dezaket / zapal dezaket.

Aginte-perpausen hitz-ordena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goian jasotako adibideak ikusirik, erraz da asmatzen aginteraren ezaugarri nagusi bat zein den:

Aginterazko adizkia esaldiaren ezkerraldean joan ohi da, esaldiaren hasieran.

Hori da joera nagusia. Horretaz gainera, aditzaren osagarria (objektua, adibidez), adizkiaren eskuinera joaten da. Horregatik, zenbaitetan, ordenari esker jakin daiteke adierazpen-perpaus bat den ala egiazko aginte-perpaus bat den:

  • Lasai zaude. (adierazpen perpausa)
  • Zaude lasai. (aginte perpausa)

Beste ezaugarria da eskuarki subjekturik ez dela adierazten aginteran eta, adierazten denean, aditzaren eskuinaldera joan ohi dela. Kasu horretan, subjektu hori hanpatua egon ohi da, beste subjektu posible batekin kontrastean dagoela markatuz:

  • Presta ezazu afaria! (subjektua isilpean)
  • Presta ezazu zerorrek! (subjektua agerian eta hanpatua)

Hitz batean esateko, aginterazko perpausetan, normalki adizkiak berak hartu ohi du leku nagusia. Esaldiak ere adizkian hartzen du doinuaren mailarik gorena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]